XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Neska potzoloa izozkiak jan eta jan ari da sentsualki dastatuz motor gainean jarrita mutila iglua desmontatzen ari den bitartean; bat bukatu orduko bestearen bila joaten da.

80 km ditut gaurko helmugara, Venezia mitifikatura.

Gorrian lo egite honek baditu bere abantailak ni bezalako loti batentzat.

Egunaren lehen argiak astintzen zaitu eta gero egun guztia dago zernahitarako.

Tristura dut mendia uzteagatik, emozioa hirira noalako, ez dakit zein den handiagoa, neu menditar samarra izaki beldurrez jantzitako erakarpena sortzen baitu nigan hiriak.

Mapan ikusten dudanez Asiago-tik hurbil nago.

Nere liburuxkak jartzen duenez Asiago-ko goilautadan herri berezi bat bizi da: cinbroak; ez omen dute zerikusirik erromatarrekin guda gogorrak izan zituzten cinbro haiekin.

Cinbroak XII. mendean, eskualde hau Germaniako Inperiokoa zenean, Tirol aldetik etorritako tribu tedeskoa da.

Orduan despopulatua zegoen Asiago-ko goilautada zabalean kokatu ziren eta zazpi herritan antolatu: I Sette Comuni.

Asiago-k autonomia politiko handia izan du historian zehar, ia estatu txiki bat izan da Veneziako errepublikaren barruan.

Artzantzatik bizi izan dira, eta batipat basotik.

Ziurrenik untzigintzarako izai zurez hornitzen zuelako ematen zion hain tratu ona Veneziak.

Dialekto aleman bat hitzegiten zuten, baina italierak irentsi du.

1908an artean altopianoko 27.000 biztanleetatik 5.000 mintzatzen omen ziren, baina egun Luserna izeneko herriskan, eta zaharrek bakarrik, egiten dute.